Cuatrovientos, AHTko lanei egunero aurre egin behar dien baserria

A-2620 errepidetik Cuatrovientos baserrirako sarrera
2012ko urtarrilaren 18an.

Cuatrovientos baserriaren egoerak bere horretan jarraitzen du. Arrasate eta Aramaio lotzen dituen A-2620 errepidea ireki zutenetik aramaioar gehienendako amaitu zen amesgaiztoa ez da oraindik amaitu bizilagun batzuendako.

GOIENA 2012/01/20

Aramaio eta Arrasate artean, Suñarako bidegurutze ondoan baina errepidearen beste aldean hasten den bidetik gora joanda dagoen Cuatrovientos baserrian bizi den Luis Zabalaren kasua da deigarriena. Baserrirako sarrera eta irteeraren egoeragatik aspalditik kexu da Zabala. A-2620 errepidera irteteko legez Aramaiora egin behar du derrigorrez, Arrasaterako norabidea hartzeko lerro etengabea du-eta –kamioien joan-etorriek errepideko seinaleztapena ezabatu egin dute–.

Eta Aramaiora joateko ere ondoko bidea hartzera behartuta dago. Gainera, 50 kilometro orduko abiadura muga dago gune horretan baina Zabalaren arabera, inork ez du hori errespetatzen.

Egunez obrako langile batek egiten ditu semaforo lanak baina gauez ez dago inor. Bi hitzetan esanda, “istripu arrisku larrian” bizi da Zabala eta haren familia. Konponbide bat izan daiteke bidegurutzera heldu aurretik –Aramaiorako noranzkoan– baserrirako desbideratze bat egitea.

Arazoa, baina, ez da hor amaitzen. AHTko lanei egunero egin behar die aurre Zabalak etxera heldu ahal izateko. Izan ere, kamioien joan-etorri etengabeen artean, auto batek zeharkatu ezin duen egoeran dago errepidea. 4×4 edo lur orotako ibilgailu baten igo beharra dago.

Beste hiru kexa ere jaso dira

Bi idatzi aurkeztu ditu Zabalak, Cuatrovientoserako sarreraren egoeraren berri eman eta konponbideak eskatuz. Udalak Adif eta Diputaziora bideratu ditu idatziok. Baina Cuatrovientoseko kasua ez da bakarra. Beste hiru bizilagunek ere aurkeztu dituzte euren kexak: Antonia Bergaretxek Karmelo Zabala eta Luis Mari Eriz dira.

Lehenak ur iturburua galdu zuen 2010ean eta oraindik ez du berreskuratu. Bigarrena kexu da Lugartegi baserrira doan bide berriko urak jaso gura dituelako eta hirugarrena, berriz, Bolinburuko baserrietara joateko bidearen egoera salatzen du. Bide hori publikoa izan da orain arte, baina Adifek desjabetze puntuala egin du AHTko obrekin aurrera jarraitzeko.

Kexa hauek guztiak Adifen Madrilgo egoitzara bidali zituen Udalak urtarrilaren 11n. Salatutako arazoak “lehenbailehen” konpontzea espero dute.

Luis Zabala kaltetua: “Inork ez dauka ardurarik hemen, batak bestearen teilatura bidaltzen du pilota”

Arrasate eta Aramaio arteko bidea ireki zenetik A 2620 errepiderako irteera “klandestinitatean” egin behar duela dio Luis Zabalak.

Zein da obrek eragiten dizuten kalterik handiena?
Arazo guztien artean errepiderako irteera da arazo handiena. Lehen gaizki bazegoen, orain erabateko klandestinitatera pasa gaituzte. Arrasaterako etengabeko lerroa daukagu eta Aramaiorako noranzkoan ere ondoko bide zatia hartu beharra dugu nahitaez. Ez dago ikusgarritasunik eta gure segurtasuna ez dago bermatuta, inondik inora.

Zuen kexek izan al dute erantzunik?
Toki denetan jarri ditut kexak: udaletxean, Diputazioan, Adifen… Ertzaintzan ere egon nintzen. Baina gure kasuan kexek ez dute ezertarako balio. Baserri bakarra garenez ez gara lehentasuna, antza. Inork ez dauka ardurarik hemen; batak bestearen teilatura bidaltzen du pilota. Bakarrik gaude.

Anuncios

, , , , ,

A %d blogueros les gusta esto: