Diru-sarrerak bermatzeko gutxieneko errentaren nominen ordainketa bateratuko du Lanbidek

Sistema berria, hilaren 30ean ezarriko du EAE-ko (Euskal Autonomi Erkidegoa) hiru lurraldeetan. Modu horretan, 32 milioi euro ordainduko ditu Euskal Enplegu Zerbitzuak
MONDRABERRI / P. I. M. / 2012-01-1

                                                                                                                                                                                                                                   Lanbidek Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) eta Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarriaren (EGPO) ordainketa bateratu egingo ditu, bi laguntza horien kudeaketa osoa bere gain hartu ondoren. Ordainketa bateratua hil honen 30ean egingo dute EAE-ko (Euskal Autonomi Erkidegoa) hiru lurraldeetan, eta 32 milioi euro ordaintzea aurreikusten dute. Euskadin 56.000 pertsona inguruk jasotzen dituzte laguntza horiek gaur egun.

Hiru aldundiek, beren autonomia baliatuz, egun beretsuetan, baina data desberdinetan, ordaintzen zituzten prestazio horiek. Lanbidek, berriz, kudeaketa egiten duen administrazio bakarra denez, ordainketa bateratu egin du”, azpimarratu du Javier Ramosek, Lanbideko zuzendari nagusiak. “Pentsio publikoekin edo soldatekin egin ohi denez, data egokiena hilaren amaiera izango zela erabaki dugu“, esan du zuzendariak.

Lurraldeei erreparatuz, kobraketen % 67 Bizkaian izango da, % 18 Gipuzkoan eta % 15 Araban. “Hiru lurraldeetan ordainketa bateratua eginez, gauzatu egingo da Lanbidek prestazioa bere gain hartzerakoan bermatu zuen ordainketa”, gaineratu du Ramosek.

EAEan antzindaria

Lanbidek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta bere gain hartuta, Euskadi prestazio ekonomikoak enpleguari lotzen dizkion Estatuko lehen autonomia-erkidegoa bihurtu da, sorospenetan kronifikazioa saihesteko, betiere. Erretiratuak, onuradunen herena, salbuetsita egongo dira lanerako aktibaziotik. “Prestazioak jasotzen dituzten eta lan egin dezaketen pertsonen etorkizuna enpleguan aurkitu behar da, eta ez subsidioan”, azpimarratu du Lanbideko zuzendari nagusiak. “Gizarte-babeseko sistemak, laguntzak ez ezik, aukerak ere eman behar ditu”.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko eta Lanbideko teknikari espezializatuak lanean aritu dira azken urteetan eredu hori garatzen, Estatuan aitzindaria baita, eta bere lerro nagusietan bat baitator Alemanian 2005. urtetik arrakastaz aplikatu den Hartz IV programarekin, non, hemen bezala, prestazioak laneratzearekin lotzen diren.

Zerbitzu zabala

Egunean hamabi orduz ditu irekita bere bulegoak Lanbidek, gehienak jendeak artatzeko, eta erakundearen telefono-arretako zerbitzua, Lanbitel, hamabi ordu horietan beretan dago martxan, 9:00etatik 21:00etara.

Abenduan Lanbidek gutun bana igorri zien Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren 56.000 hartzaileei, prestazio ekonomiko horren kudeatzaile-aldaketari buruz informatzeko. Gutun horretan, aldaketa zela-eta ez zegoela zertan bulegoetara bertaratu ere jakinarazi zitzaien. Lanbideren langile espezializatuak arduratuko dira hartzaileei dagokien bulegoan hitzordua ematen. Hartzaileak bere espedientean aldaketaren bat jakinarazi nahi badu, harremanetarako bi telefono daude informazioa edo aldez aurreko hitzordua eskatzeko: 901.222.901 eta 945.160.600.

Erlazionatutako sarrerak:
Anuncios

, , , , ,

A %d blogueros les gusta esto: